Gida didaktikoa

 

Historiaurrea Euskal Herrian berez 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako ikasmateriala da, aldi berean beste adinetako erabiltzaileentzat ere interesgarria gerta daitekeena. Produktuaren xede nagusia gazteei Euskal Herriko Historiaurreari buruzko ezagutza esanguratsua eskaintzea da. Eskaintzen den materialaren bidez, ikasleak gure aurretikoen bizimodura hurbiltzen dira, Historiaurreko gizarteetan izan duen bilakaera azaltzen zaie eta. Ikasmaterialaren helburua irakaskuntzaren laguntzaile izateaz gain, Historiaurrearen lehen sarrera eta orientabidea izatea da, hau da, ikaslearentzako erabat erabilgarria izango den tresna eskuratzea.

Garapenerako ildo nagusiak honako hauek lirateke:

  • Euskal Herriko Historiaurreari buruzko ezagutza esanguratsua eskaintzea ikasleei.
  • Teknologia berriak eta ikasmateriala uztartzea, gazteei teknologia berriak barneratzen lagunduz.
  • Ikasleak IKT-dun gaitasunetan trebatzea.

Helburu orokorrak

Historiaurrea Euskal Herrian ikasmaterialak Euskal Herriko Historiaurreari buruzko ezagutza esanguratsua eskaintzea du helburu. Eskaintzen den materialaren bidez, ikasleak gure aurretikoen bizimodura hurbiltzen dira, Historiaurreko gizarteetan izan duen bilakaera azaltzen zaie eta.

Ikasmaterialaren helburu nagusiak ondorengoak izango dira:

  • Iraganeko errealitate sozialari buruz jakiteko interesa eta ikusmina eta gertaera historikoen aurrean jarrera kritikoa.
  • Gizarte historikoen arte- eta kultura-adierazpenak balioetsi eta errespetatzea.
  • Giza taldeen kultura-ondarea den aldetik, gure ondare historiko eta artistikoa eta naturala balioetsi, errespetatu eta haiekin gozatzea, eta hura zaintzearen, defendatzearen eta jakinaraztearen aldeko jarrera izatea.
  • Gizonezkoek eta emakumezkoek historian izan duten zeregina balioestea.

 

Curriculumaren erreferentziak OCDn

Historiaurrea Euskal Herrian osatzen duen ikasmateriala DBH 1. ikasmailako “Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia” ikasgaiko edukiekin lotura zuzena du. Maila horretan, gizarte historikoen bilakaera lantzen da, hastapenetatik Erdi Aro arte. Esparru horren barruan, gizarteen bilakaera ahalik eta nabarmenen erakusten duten alderdiak azpimarratzen dira, baita, denboraren ikuspegia abiapuntu hartuta, egungo gizarteak nola eratzen diren ikusarazten duten alderdi esanguratsuenak ere. Mundua eremutzat hartuta, eta, bereziki, Europa, gure herrialdeko historiaren ezaugarriak erantsi dira. 3. blokeak honako eduki hauek biltzen ditu: Historiaurreko gizarteak, lehendabiziko zibilizazioak eta Antzinaroa.

Hain zuzen ere, irakasgai hau osatzen duten hirugarren eduki multzoa, “Historiaurreko gizarteak, lehendabiziko zibilizazioak eta Antzinaroa” delakoarekin oso lotuta dago:

  • Historia-iturriak: motak, materialak, ikonografikoak, idatziak, ahozkoak, kartografikoak, digitalak. Horien ekarpena ingurune fisikoa eta gaur egungo eta iraganeko bizimoduak ezagutzeko.
  • Denbora historikoa: kronologia, aldaketa eta iraupena. Denbora historikoaren adierazpen grafikoa. Periodizazio konbentzionalaren erabilera (historiaren garai eta aldi kronologikoak) eta beste kultura batzuetan denbora neurtzeko dituzten moduen azterketa. Kausalitate aniztasuna: gertaera eta prozesu historikoen kausak eta ondorioak.
  • Hominizazio-prozesua. Historiaurreko herrialdeen bizimoduak. Ehiztariak eta biltzaileak. (antolaketa soziala, ekonomia, sinesmenak, arte-adierazpenak...). Iraultza neolitikoak eragindako aldaketak. Egungo espainiar lurraldeko Historiaurreko alderdi esanguratsuak. Historiaurreko aztarnen kokapena Euskal Herrian.
  • Euskal lurraldeetako lehendabiziko biztanleak. Euskal Herriko eta haren inguruko Historiaurreko kulturetako adierazpen nagusiak. Euskara: jatorria eta bilakaera. Beste hizkuntza indoeuropar boteretsuago batzuekiko harremana.

Historiaurrea Euskal Herrian ikasmaterialak, hala ere, zeharkako izaera eduki nahi du, lantzen dituen edukiak ikasleak beste gaietan eta bere eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Gaitasunei dagokienean, hauek dira ikasmaterialak garatzen lagunduko dituenak:

  • Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
  • Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
  • Giza- eta arte-kulturarako gaitasuna.
  • Ikasten ikasteko gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.

Materialaren erabilerarako testuinguru metodologikoa

Ikasmaterialaren xede nagusia irakasgaiaren laguntzaile zuzena izatea da, hau da, Historiaurrearen ezagutzak jaso ondoren hori guztia era praktiko batean garatzea ahalbideratuko duen erreminta eskuratzea. Horrela, ikasmaterial honen bidez ikasleak aurrerago jasotako kontzeptu teorikoak era praktiko batean landuko ditu. Horrekin guztiarekin, irakasle eta ikaslearentzat erabat erabilgarria izango den tresna eskuratuko dugu.

Historiaurrea Euskal Herrian ikasmaterialaren oinarria interaktibitatea eta elkarreragiketa dugu, ikasleentzako erakargarria eta motibagarria izan dadin eduki eta ariketa ezberdinen arteko nabigazioa ahalbideratzen baitu.

Horrekin guztiarekin, ikasleak “Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia” ikasgaiarekiko duen interesa eta motibazio-maila areagotzea eskuratuko dugu, bere ezagutzak garatzeko aukera izango duelako era atsegin eta entretenigarrian eta beti ere kalitatezko edukiekin.

Barne-egitura eta edukiak garatzeko oinarriak

Ikasmaterial honen erabiltzaileak garai jakin batean murgiltzeko eta aztergai dugun gaiaren inguruko jakin-mina sortzeko moduko pizgarriak erabili behar direla uste dugu. Horrela, eskaintzen den materialaren bidez, ikasleak gure aurretikoen bizimodura hurbiltzen dira, Historiaurreak Euskal Herrian izan zuen bilakaera azaltzen zaie eta. Bertan proposatzen diren eduki eta ariketek osatzen dute Historiaurrea Euskal Herrian materialaren ardatza. Testuetan adierazitako kontzeptuen eta jardueren artean bi noranzkoko planteamendua egiten da: jarduerak edo galderak burutzeko kontzeptuzko edukiak behar dira eta, era berean, kontzeptuzko edukiok noraino ulertu diren ikusteko modu egokia eta berehalakoa dira jarduerok.

Historiaurrea Euskal Herrian ikasmateriala kronologikoki antolatutako zortzi ataletan egituratzen da eta atal bakoitza Euskal Herriko Historiaurreko etapa bati dagokio: Behe Paleolitoa, Erdi Paleolitoa, Goi Paleolitoa, Epipaleolitoa, Neolitoa, Kalkolitoa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa. Atal hauetako edukietara sartzeko bi modu ditu ikasleak: Kronologia ataletik edota garaiari dagokion ataletik bertatik.

Era berean, atal bakoitza bi mailatan ezberdintzen da. Batetik, alde teorikoa dago, eta bertan, garai bakoitzeko biztanleen bizimodua eta ingurunearen ezaugarriak azaltzen dira: gizakia, janzkera, asentamentuak, klimatologia, fauna eta landaredia, ekonomia, garapen teknikoak eta portaera sinbolokoari buruzko datuak eskaintzen dira.

Gainera, lehen zati horretan, gaur egun ezagutzen ditugun garai hartako aztarnategiei buruzko informazioa ere eskura dezakegu.

Bestetik, alde praktikoa dago, eta bertan, garaiari dagokion giza-taldearen eguneroko bizitzako galderak azaltzen dira. Ariketa horien bidez lehen zatian jasotako ezagutzak sendotu eta hobeto ulertuko ditu ikasleak. Horrela, atal bakoitzak bere osotasunean edukiak bereganatu eta, ondoren, horiek gauzatzeko aukera eskaintzen du.

Horrez gainera, ikasmateriala garai guztietarako balio duen eta ikasleak une oro eskuragarri izango dituen kronologia eta glosategi batek osatzen du.

Garai guztiak gai berberen arabera (klimatologia, fauna eta landaredia, ekonomia...) azaltzen direnez, errazagoa da etapa bakoitzaren ezaugarri nagusiak ikustea, garaien arteko desberdintasunak aurkitzea eta bakoitzak nolako bilakaera izan duen zehaztea.

Horrela, adibidez,

  • Demografiaren ikuspuntutik bilakaera nolakoa izan zen zehatz daiteke, garai bakoitzean asentamenduan zenbat gizaki zeuden kontuan hartuta: urteek aurrera egin ahala, gero eta jendetsuagoak izan ziren giza taldeak.
  • Klima-aldaketaren eta Historiaurreko etapa bakoitzeko faunan, landaredian eta ekonomian izandako ondorioen artean zein lotura dagoen ikus daiteke.
  • Materialen arabera, erremintak eta tresnak egiteko erabili zituzten teknikak aldera daitezke, eta horrela egurraren, harriaren, zeramikaren eta metalaren erabileren bilakaera zehaztu ahal da.
  • Era berean, janzkeraren, asentamenduen eta garai bakoitzeko garapen teknologikoaren artean dagoen erlazioa ikus daiteke. Izan ere, teknikak aurrera egin ahala bitartekoak ere sofistikatu egin ziren: josturak, botoiak, ondutako larrua, oinetakoak...

Garai ezberdinetan gai berberak zeharka aztertzeko modu honi esker, prozedurazko hainbat eduki orokor eta espezifiko lantzeko aukera sortuko da.

Honako hauek dira prozedurazko eduki orokorrak:

  • Gizartea osatzen duten elementuen identifikazioa.
  • Etapa bakoitzaren ezaugarri diren faktoreen identifikazioa.
  • Garai bereko alderdien arteko loturen analisia: garai bateko klimatologiaren eta giza asentamenduen arteko lotura; ekonomiaren, teknikaren eta janzkeraren artekoa, eta abar.
  • Historiaurreko etapa bakoitzeko gizarteen arteko berdintasunen eta desberdintasunen azterketa.
  • Desberdintasunen (aldaketak, berrikuntzak, aurrerapenak) eta berdintasunen (elementu berberak, aldaezinak) araberako hipotesia azaldu eta formulatzea.
  • Jarduerak burutu eta helburuak lotzeko informazioa bilatu, lortu, aukeratu eta interpretatzea.

Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkezten dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimaketarako prestatua (PDF formatua).

Kredituak

Jatorrizko gidoia: Alvaro Arrizabalaga Valbuena eta Mª José Iriarte Chiapusso

Diseinua: Euskomedia Fundazioa

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike 2.5 License

Historiaurrea Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org