Glosategia

A B C E F G H I K L M N P S T Z

A

Ahuntz eta ardi-aziendak: Kanpotik (Ekialde Hurbiletik) iritsitako ahuntz eta ardi etxekotuek osatzen dute talde hau. Sarritan, hezurrak bakarrik aurkitzen ditugunean (aztarnategi arkeologikoaren kasuan), euren arteko bereizketa nahiko zaila izaten da.

Anbarra: Gizakiak Lehen Goi Paleolitotik erabiltzen du anbarra apaintzeko. Neolitotik aurrera, bereziki Kalkolitoan, berpiztu ziren honen moduko lehengai exotikoen truke-sareak, zintzilikariak eta bestelako apaingaiak egiteko.

Antropizazioa: Gizakiaren eraginez ingurumenean gertatzen diren eraldaketak, batzuetan oso xumeak izanik (baso bat botatzea adibidez), garrantzizko ondorioak dituztenak inguruan.

Arrankazia: Arrantzan (eta seguruenik ehizarako ere bai) erabilitako adarrezko tresna, hortzak zituena, ilara bakar batean edo bikoitzean. Oso esanguratsuak izan ziren Madeleinealdiaren barruko aldiak bereizteko.

Arte higikorra: Kasu honetan, euskarria higikorra da. Honen ondorioz, adierazpen hauek geruza arkeologikoen barruan berreskuratzen dira, eta zuzenean datatu daitezke.

Aurpegi bikoa: Tresnak egiteko, aurpegi bietatik lantzen zen uharria. Helburua zen lanerako sorbatza izatea. Oso ohikoak izan ziren Behe Paleolitoan, bereziki Acheulaldian.

Azagaia: Adar edo hezurrez prestaturiko lantza-punta, oso esanguratsua izaten dena mailari dagokion kronologia ongi zehazteko.

aurkibidea

B

B.P.: Ingelesez before present, edo gure aurretik euskaraz. Datazioak egiterakoan erabiltzen den sistema internazionala. Kristo aurreko data bihurtzeko, B.P. datari 1950 urte kendu behar zaizkio.

Bisontea: Europan ia desagertuta dagoen bobido handia (gaur egun, bisonte europarrak zoologiko batzuetan bakarrik ikus daitezke). Animalia heldu batzuek 600 kilo baino gehiago izaten zituzten, eta, ondorioz, horien ehiza arriskutsua baina etekin handikoa izaten zen beti Historiaurrean.

Bizkar zanpatudun xafla: Harrizko tresna konposatuak egiteko lantzen zen xafla. Albo batean aho zorrotza uzten zen, eta bestea landu, ahoa kentzeko ukitu malkartsuen bidez. Xaflak bi egur-zatiren artean muntatzen ziren, edo, bestela, adarrezko hagaxkatan sartuta.

Brontze Aroa: Lehen eta Erdi Brontzea apenas ezagutzen dira, leku gutxitan topatu izan direlako horiei buruzko datuak. Azken Brontzeaz, berriz, gehiago dakigu.

Burdin Aroa: Burdin Aroa aroen aldakuntzaren inguruan bukatu zen, erromatarrak iritsi zirenean alegia (K.a. II. mendetik, K.o. I. mendearen hasierara). Toki batzuetan (Nafarroan, batez ere), Burdin Aroa Historiaurrearen barnean kokatu beharrean Protohistoria delakoan sartu izan da, Historiaurrearen eta benetako Historiaren artean txertatuta.

aurkibidea

C

Cro-Magnon gizakia: Gure moduko gizaki-mota, Goi Paleolitoarekin batera mundu osoan nagusitu zena. Azken 40.000 edo 30.000 urteotan, munduan geratu den gizaki-espezie bakarra.

aurkibidea

E

Egokitzapen ekologikoak: Arestian aipaturiko aldakuntza klimatikoaren ondorioz, faunan, landaredian eta paisaian eraldaketa sakonak gertatu ziren. Horren guztiaren aurrean, gizakiak egokitu egin behar izan zuen, behar zituen baliabideak eta elikagaiak eskuratzeko.

Ekoizpen-ekonomia: Animalia zein landare basatien etxekotzea ematen denetik ekoizpen-ekonomiaz hitz egiten dugu. Ordutik aurrera, gizakia ez zen baliatu inguruak ematen zituen baliabideez soilik, baizik eta bera baliabide (eta elikagai) berrien sorkuntzaz arduratu zen.

Epipaleolitoa: Bere barnean azpizatiketa bat onartzen da Euskal Herrirako: bertan Azilaldia eta Azilaldi ondoko Epipaleolitoa (laminarra eta geometrikoa) elkarren segidan ematen dira. Batzuetan, azpialdi horien ondoren, Mesolitoaz hitz egiten da.

Eraztundun aizkora: Brontzez eginiko aizkora, seguruenik kirten batera lotzeko eraztun bat (edo bi) zeramana. Aurreko harri leunezko aizkoren ondoan, metalezko aizkorek zailtasuna kendu zioten arbolak botatzeko lanari.

Erdiko sua: Lehendabizikoak sua gordetzeko hobi txikiak izan ziren. Denborarekin handitu egin ziren hobiok, harlauzaz estali eta, egitura bezala, nahiko konplexuak bilakatu ziren.

Errautzontzien zelaia: Azken Brontze Aroan hedatu zen errausketaren erritua hileta-praktika gisa. Hildakoen gorpuak erre, eta horien errautsak ontzietan sartzen ziren, hilerrietan lurperatzeko. Indoeuroparrekin hedatu zen ohitura hori, Erromatartze berantera arte iraun zuen.

Erredukzioa: Mea meategitik atera ondoren, bertatik metala ateratzeko erredukzioa egin behar zen behin edo gehiagotan. Labe handietan mea eta egur-ikatza sartzen ziren txandaka. Sua eman, eta erredukzioaren eragin fisiko (beroa) eta kimikoaren ondorioz, meak metala askatzen zuen. Labearen ondoan, metal-tanta askatuak elkartzen ziren metal-totxoa osatzeko.

Erromatarrak: Euskal Herrian sartu ziren lehen talde historikoak ditugu. Erromatar Inperioa Euskal Herrian sartzean, legeen, hizkuntzaren edo errituen aldetik kolonizatuta egon ginen ia 500 urtez.

Ezkila-formako zeramika: Kalkolito betetik aurrera hedatu den zeramika apaintzeko teknika, gai geometrikoak xingola horizontal eta paraleloetan sartzean zetzana. Apaingaiak txandakatu egiten ziren egitura zehatzak osatuz. Lehenengoz topatu ziren mota honetako zeramikak ezkila edo kanpai-formakoak zirelako eman zitzaien izen hori.

aurkibidea

F

Fibula: Jantzietan erabilitako metalezko tresna. Orratza darama eta tunika-erako jantziak ipini ostean lotzeko erabiltzen zen. Brontze Aroaz geroztik dago gure artean.

aurkibidea

G

Geometrikoa: Harrizko tresna bat, morfologikoki geometrikoa dena (gehienak, triangeluak, trapezioak edo zirkuluaren segmentuak). Hausturak egiten dira xaflatxo baten alde bietara, nahi den erako lanabesa ateratzeko. Tresna handiago konposatuen zatiak direlakoan gaude.

Goi Paleolitoa: Kronologia absolutua sinplifikatua agertzen bada ere, erlatiboa askoz konplexuagoa da. Goi Paleolitoan hainbat kultura bereizten dira; garrantzitsuenak, elkarren segidan, honako hauek dira: Chatelperronaldia, Aurignacaldia, Gravettealdia, Solutrealdia eta Madeleinealdia.

Goldea: Europaren ekialdetik etorri zen asmakuntza teknikoa, makila zulatzailearen erabilpenaren ondoan egundoko abantailak ekarri zituena, besteak beste, lurzoruaren osagai kimikoak eta oxigeno-edukia hobeto berreskuratzea.

Gurdia: Gurpilaren eta gurdiaren asmakuntzak abantaila garrantzitsuak ekarri zituen Mundu Zaharreko biztanleriarentzat. Gurdia, nekazaritza-lanetarako oso lagungarria zen, baita arma gisa ere.

aurkibidea

H

Haratusteljalea: Beste haragijale batzuek ehizatutako animalien okela jaten duen animalia. Hiena edo putreak dira gehien ezagutzen ditugun haratusteljaleak, nahiz eta gizakiak ere, hasiera batean, horrela lortzen zuen jateko okela, hau da, lehoi, hiena edo hartzek ehizatutakoa eskuratzen zuten.

Harizti mistoa: Epeltze-garai hezeetan maiz agertzen den baso hostogalkorraren mota bat. Bertan, haritzak garrantzi berezia zuen, lizarrarekin eta zumarrarekin batera.

Harpea: Harri- edo haitz-azpian sortutako aterpe naturala. Nahiz eta txikia izan, Historiaurreko aro epeletan kobazuloak baino gehiagotan erabiltzen ziren bizigune moduan.

Harrakalagailua: Aurpegi biko tresna-mota berezia, mutur batean zeharkako ahoa izaten zuena (aizkoraren modura).

Harrespila: Edo mairubaratza (beste leku batean) megalito-mota bat da, Britainia aldean cromlech izenarekin ezagutzen dena, eta harrizko monolitoak bertikalki ezarriz zirkuluak egitean datzana. Hemengo harrespilak eta Britainiako cromlechak egitura berbera izan arren, kronologikoki gure artean askoz beranduago agertu ziren (Burdin Aroan eta aro historikoetan). Errausketan bildutako errautsak bertan hilobiratzen ziren, zirkuluaren erdian alegia.

Harrespila: Edo mairubaratza (beste leku batean) megalito-mota bat da, Britainia aldean cromlech izenarekin ezagutzen dena, eta harrizko monolitoak bertikalki ezarriz zirkuluak egitean datzana. Hemengo harrespilak eta Britainiako cromlechak egitura berbera izan arren, kronologikoki gure artean askoz beranduago agertu ziren (Burdin Aroan eta aro historikoetan). Errausketan bildutako errautsak bertan hilobiratzen ziren, zirkuluaren erdian alegia.

Harri leunduzko aizkora: Leunketaren teknikaren bitartez (Neolitoan sortu zena, eta Aroari izena eman ziona: Neo-lithos edo harri berria) landutako aizkora, garaiko lanetan oso lagungarri izan zena. Hain zuzen, Holozenoaren hobekuntza klimatikoa zela medio hedaturiko basoa bota egin behar zen, lur berriak larreak eta baratzak jartzeko erabili behar zituztelako. Gehienetan sumendi-harriak erabiltzen zituzten harri leunduzko tresnak egiteko, suharria baino egokiagoak zirelakoan. Harri-totxoa moztu ondoren, leundu egiten zen horren sorbatza.

Hegal eta kirtendun gezi-punta: Normalean suharriarekin lantzen ziren arkuetarako gezi-puntak. Solutrealdian modan zegoen ukitu launa erabiliz, gezi-punta hostokara oso txikiak prestatzen zituzten. Denborarekin, alde bietara hegalak eta oinaldean kirtena zutela egiten hasi ziren, ondorengo garaietan ezagutu ditugun metalezko gezi-punten antzera.

Hirigintza: Herrixkaren barruan antolamendua ikusten denean esan daiteke hirigintza dagoela. Kontzeptu horretan atal desberdinak sartzen ditugu: azpiegiturak, eraikin komunak, kaleak, etxebizitzen arteko hormak, etab. Azken Brontze Arotik hitz egin daiteke hirigintzaz Euskal Herrian.

Holozenoa: Koaternarioa (Geologiaren azken aldia) Pleistozeno eta Holozeno bitartean azpisailkatzen da. Paleolito osoa Pleistozenoan zehar garatu zen izozte-aroekin. Azken izozte-aroa amaitu eta egungo klimara hurbildu ahala, Holozenoan gaude.

Hortza: Harrizko tresna bat, sorbatzean koskak zituena. Aho berean kamerrak lantzen ziren, tresnari zerra-itxura emateko. Zuraren lanketari lotzen zaizkio hortzak.

aurkibidea

I

Idazketa: Idazketak bereizten ditu talde prehistorikoak eta historikoak. Arestian aipaturiko txanponetan agertzen diren testuak alde batera utzita, Euskal Herriko lehen idazketaren agerpena talde erromatartuekin etorri zen, K.a. II. mendetik aurrera alegia.

Igitaia: Euskal Herriko aztarnategien arabera, oraindik ez ziren metalezkoak egiten, harrizkoak baizik. Horztun xaflatxoak bi egurren artean sartzen ziren, ertz biribil eta ahurra lortu arte. Gero dena lotu eta itsatsi egiten zen erretxinaz.

Itsaski-bilketa: Itsas ertzeko baliabideen bilketa (bereziki, elikagaiak eta moluskuak). Azken Madeleinealditik aurrera ekonomia areagotu egin zen praktika gisa, eta garrantzi berezia izan zuen Epipaleolito osoan eta Neolitoaren hasieran.

aurkibidea

K

Kalkolitoa: Ohiko sailkapenaren barruan, ezkila-formako zeramikaren agerpenaren aurreko eta ondorengo faseak bereizten dira.

Kanpalekuak: Atari zabalean eraikitzen ziren etxola-multzoak. Erdian sua egoten zen. Urte batetik bestera esparru berdinetara itzuli arren, kanpalekuak ez ziren leku berberetan eraikitzen.

Karea: Kare-haitzari edo kareharriari sua emanez karea askatzen da, eta oso egokia da inguruak garbitzeko. Ohiko bizimoduan, baserrietan adibidez, etxeak zuritzeko erabili izan da.

Karraskagailua: Puntaren antzeko tresna, baina gehiegi zorroztu gabe. Uste da larruaren prestakuntzan (garbitu eta fintzeko lanak) ezinbesteko tresna zela.

aurkibidea

L

Labar-artea: Normalean kobazuloetan (baten batzuk harpeetan edo atari zabalean) margotu edo grabatzen ziren irudiak, mugi ezin zitezkeenak. Teknika, gaia eta kronologia aldetik oso adibide konplexuak ikusten dira munduan zehar.

Levallois teknika: Erdi Paleolitoan edo Moustieraldian harria lantzeko erabilitako teknika. Levallois teknikaren bidez printza bereziak eskuratzen ziren, aldez aurretik nahi ziren tamaina eta erakoak; adibidez, Levallois izeneko puntak egin zitezkeen. Hori lortzeko, suharrizko muina edo nukleoa arreta handiarekin lantzen zen, gero printzak ia zuzenean erabili ahal izateko.

aurkibidea

M

Marruska: Ertz biribila duen harrizko tresna, gehien bat larrua lantzeko erabilia, analisi funtzionalen arabera.

Megalitoa: Harri handiekin eraikitako egitura erraldoia. Gehienak Historiaurrekoak izaten dira, alegia Neolitotik aurrerakoak, eta hileta-eraikin moduan erabiltzen ziren talde-ehorzketak egiteko.

Metalgintza: Aurrerakuntza honi esker, tresnak egitean neurri eta morfologia aldetik zituen muga guztietatik askatu zen gizakia; hau da, lehengaiaren kopurua zen oztopo bakarra. Ondorioz, nahiko teknika konplexuak garatu eta hobetu ziren, meatik metalezko azken objektura bitarteko prozesua osatzeko.

Moustieraldia: Europan, Erdi Paleolitoan garatu zen kultura. Horrela, kronologia eta kultura kontzeptu paraleloak dira.

aurkibidea

N

Nahastura: Metalgintza garatzerakoan, eta metal desberdinen ezaugarriak egiaztatzerakoan, gizakia horiek proportzio desberdinetan nahasten hasi zen, aukera gehiago aztertzeko. Nahastura edo aleazio horietariko arrakastatsuena brontzearena da, kobreari % 8 eta % 12 bitarteko proportzioan eztainua nahastean lortzen dena. Lortzen den metala aurreko biak baino gogorragoa da, eta errazago urtzen da, urtze-puntua (tenperatura) nahiko baxuagoa baitu.

Neanderthal: Garai honetako gizakia. Gugandik oso hurbil zegoen fisikoki, nahiz eta nahiko sendoagoa eta aurpegi desberdinekoa izan. Erdi Paleolitoaren amaieran desagertu zen bat-batean.

Neolitoa: Bere barnean Neolito zaharra (zeramika era kardialean inprimatua) eta Neolito betea edo garatua bereizten dugu.

aurkibidea

P

Pirita: Burdina-oxidoa, mineralean era naturalean aurki daitekeena kareharrien artean edo askatuta buztinetan. Suharriak eta piritak elkar jotzean txinpartak ateratzen dituzte, eta horiek sua egiteko erabil daitezke.

Punta: Iritsi zaizkigunak harrizko lanabesak dira, seguruenik hezur edo zuraz ere egin ziren arren. Harrizko tresna bezala, printza luzetxo bana lantzen zen alde bietan, muturrean punta zorrotza utziz. Ehizarako erabiltzen zelakoan gaude.

aurkibidea

S

Suharria: Kuartzozko harri-mota bat, Historiaurrean oso garrantzitsua izan zena. Hain zuzen, oso lagungarria izan zen sua egiteko. Baina harrizko lehengai bezala erabiltzen zen askotan, Goi Paleolitoan ia tresna guztiak suharri gainean egitera iritsi zirelarik.

aurkibidea

T

Talde-ehorzketa: Ehorzketa-errituen artean talde-ehorzketak ditugu; horiek trikuharri nahiz hipogeoetan (lur azpian eraikitakoak, Vianako Longarrekoa adibidez), edo ehorzketa-kobazuloetan egiten ziren. Taldekide bat hil ostean, gorpua eremu horietan hobiratzen zen: hilotza azalean ixten zen, aldamenean atu apal bat utziz.

Tornuz eginiko zeramika: Gure Historiaurrearen zatirik handienean, eskuz egiten ziren zeramikak. Burdin Aroaren bigarren erdialdean (K.a. 400. urtearen inguruan), berriz, tornuaren erabilpena zabaldu zen ontzi erregular eta finagoak egin ahal izateko. Honela bereizten dira, Euskal Herrian, I. eta II. Burdin Aroak.

Trikuharria: Euskal Herrian zabalkunde handiena izan duen megalitoa. Ganbara bat egiten zuten, gutxienez bi harlauza bertikalen gainean beste bat horizontalki jarrita; gero, egitura hori tumulu batez estaltzen zen. Ganbara horiek oso konplexuak izatera irits zitezkeen, askotan sarbidea ere izateraino.

Tumulua: Megalito-era bat, askotan beste tankera batzuetan osagarri gisa agertzen zena bestelako egiturak estaltzeko. Harriz, lurrez edo nahastutako harri eta lurrez prestatzen zen muino edo tontortxoa. Bere barnean lurperatzeak egiten ziren.

Txanpona: Talde historikoen eraginez, Iberiar penintsulako iberiarrek eta zeltiberiarrek txanponak erabili eta egiteko ohitura hartu zuten. Batez ere, zilarrezko denarioak egiten zituzten (Euskal Herrian, badirudi Barscunes izeneko zeka Iruñealdean kokatuta zegoela).

aurkibidea

Z

Zeramika: Neolitoan asmatutako beste teknika bat, likidoak garraiatzeko eta elikagaiak su gainean prestatu eta gordetzeko urte-sasoi desberdinetan. Ura, buztina eta deskoipeztatzaileak (harritxoak, hondarrak, hezurtxoak etab.) nahasiz ore bat prestatzen zuten, eta nahi zen era eta tamaina eman ondoren, labean egosten zuten gogortu arte.

Zituak: Edo laboreak, Cerealia familiako etxekotutako espezie berriak. Gure artean eta Neolitoan jasotakoetatik garia eta garagarra dira garrantzitsuenak; denak Ekialde Hurbiletik iritsi zitzaizkigun. Geroago beste batzuk etorri ziren, artoa edo arroza esaterako. Lehenengo laborantza-teknikak oso xumeak ziren, baina baita oso makalak ere: makila zulatzaile batez eginiko zulotxoan hazia bota, eta laborearen buruxka agertu ostean zaindu egiten zen uztaroa heldu artean.

Zizela: Egun metalez egiten diren zulakaitz edo zizelen formakoa, muturrean diedro bat zuena. Diedro hori harriak edo hezurrak grabatzeko erabiltzen zen, baita ebaki sakonak egiteko ere.

aurkibidea

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution-NonCommercial-ShareAlike 2.5 License

Historiaurrea Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org